Ogi-apurra

prinsubparlnac

Subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak. Parlamentu nazionalen eginkizuna

Subsidiariotasunaren printzipioaren arabera, Europar Batasunak, bere eskumen esklusibokoak ez diren arloetan, esku hartuko du bakarrik egin nahi den ekintzaren helburuak ezin badira behar bezala lortu estatu kideek beren kabuz jardunda, ez modu zentralizatuan eta ezta eskualde eta tokiko mailan ere, eta beharrezkoa den neurrian. Printzipio hau aplikatuko da egin nahi den ekintzaren irismenaren edo ondorioen arabera, Europar Batasun mailan jardutea egokiagoa denean. Proportzionaltasunaren printzipioaren arabera, Europar Batasunaren jarduketaren edukia eta forma ez dira izango Tratatuetako helburuak lortzeko beharrezkoak direnak baino zabalagoak [Europar Batasunaren Tratatuaren (EBT) 5. artikulua eta subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioen aplikazioari buruzko 2. protokoloa].

Estatuetako parlamentuek [EBTaren 12. artikulua] modu aktiboan lagunduko dute Europar Batasunaren funtzionamendu zuzenean, eta horretarako: Batasuneko instituzioetatik informazioa jasoko dute eta Batasunaren legegintzako egintzen berri ere bai, estatuetako parlamentuek Europar Batasunean duten egitekoari buruzko 1. protokoloaren arabera; subsidiariotasun printzipioa errespetatu beharra zainduko dute, subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak aplikatzeari buruzko 2. protokoloan ezarritako prozeduren arabera; parte hartuko dute askatasun, segurtasun eta justizia esparruaren barruan, Batasuneko politikak esparru horretan duten aplikazioa ebaluatzeko mekanismoetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 70. artikuluaren arabera eta, era berean, Europol-en kontrol politikoari eta Eurojust-en jardueren ebaluazioari uztartuta egongo dira, tratatu horretako 88. eta 85. artikuluen arabera; Tratatuen berrikuspen prozeduretan parte hartuko dute, EBTaren 48. artikuluaren arabera; Batasunari atxikitzeko eskabideen berri jasoko dute, EBTaren 49. artikuluaren arabera; eta estatuetako parlamentuen eta Europako Parlamentuaren arteko lankidetzan parte hartuko dute, 1. protokoloaren arabera.

Europar Batasuneko estatuetako parlamentuek duten egitekoari buruzko 1. protokoloan aurreikusten da estatuetako parlamentuen eta Europako Parlamentuaren eta haren batzorde espezializatuen arteko informazioaren eta jardunbide egokien trukeak, Batasunaren Gaietan Espezializatutako Parlamentuetako Organoen Biltzarraren (COSAC, gaztelaniaz) bitartez. Biltzar horrek egokitzat jotzen duen edozein ekarpen aurkeztu ahal izango die Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari. Europako Parlamentuak erregulartasunez ematen die bere jardueren berri estatu kideetako Parlamentuei, hauekin lankidetzako lotura estua mantenduta aldian behin antolatzen diren bilerei esker, eta sostengu aktiboa ematen die parlamentuen arteko lankidetza ahalbidetzen duten bi sare nagusiei: InterParliamentary EU information eXchange, IPEX, eta Parlamentuetako Ikerketa eta Dokumentaziorako Zentroa, CEIDP (gaztelaniazko akronimoaren arabera).

Estatuetako parlamentuek zuzenki jasotzen dituzte, Europako Batzordearen eskutik eta, aldi berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren eskutik, Europako Batzordeak prestatutako legegintzako egintzen proiektuak. Europako Parlamentuaren (EP) eskutik zuzenki jasotzen dituzte ere hark sortutako legegintzako proiektuak. Aldiz, Konstseiluaren eskutik jasotzen dituzte estatu kideen multzo batek, Justizia Auzitegiak, Europako Banku Zentralak edo Europako Inbertsio Bankuak prestatutako legegintzako egintzen proiektuak. Horrez gain, Europako Batzordeak estatuetako parlamentu guztiei helarazten dizkie bere kontsultarako dokumentuak (liburu berdeak, liburu zuriak, komunikazioak eta erakunde arteko txostenak) eta baita urteko legegintzako programazioa ere, eta legegintzako programazioarekin edo estrategia politikoarekin lotutako beste edozein dokumentu. Estatuetako parlamentuek EParen legegintzako ebazpenak eta Kontseiluaren erabakiak jasotzen dituzte ere, onartu eta berehala, eta baita Kontseiluaren bileren gaien zerrenda eta emaitzak ere, barne hartuta Kontseiluak legegintzako egintzen proiektuen inguruan eztabaidatzen duen bileretako aktak (EBTaren 12. artikulua eta 1. eta 2. protokoloak. Europako Batzordearen zein Kontseiluaren bidalketak posta elektroniko bidez egiten dira. Legegintzako egintzen proiektuek barne izan behar dute finantza inpaktua eta subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak bete direla ebaluatzea ahalbidetzen duen informazio fitxa bat, eta, zuzentaraua baldin bada, estatu kideek garatu behar duten araudian izango dituen ondorioak ebaluatzea ahalbidetzen duena, eta, hala badagokio, eskualde mailako legerian izango dituenak ere bai.

Europako Batzordeak edo Kontseiluak, kasuaren arabera, gutun bidez jakinaraziko du estatuetako parlamentuek subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak errespetatu direla egiaztatzeko izango duten zortzi asteko epearen hasiera data. Epe horretan zehar, estatuetako parlamentuek Europako Parlamentuko, Kontseiluko eta Batzordeko presidenteei irizpen arrazoitua helarazteko aukera izango dute proiektuak subsidiariotasun printzipioa errespetatzen ez duela defendatzeko arrazoiak azalduta (2. protokoloa). Proposamenak EBFTaren 352. artikuluan oinarritzen badira, Batzordeak berariaz adierazi behar die hori estatuetako parlamentuei.

8/1994 Legeak, Europar Batasunerako Batzorde Mistoa arautzen duenak, 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, Europar Batasuneko legegintzako ekimen bat jaso eta berehala, Batzorde Mistoak autonomia erkidegoetako parlamentuei helaraziko die ekimena, autonomia erkidegoetako eskumenak tartean diren ala ez aurretik juzgatu gabe, autonomia erkidegoetako parlamentuek ekimena azter dezaten eta, egokia denean, Gorte Nagusiei helaraz diezaioten, lau asteko epe barruan, ekimen horrek subsidiariotasun printzipioa errespetatzearen inguruko irizpen arrazoitua. Batzorde Mistoak onartuko balu subsidiariotasun printzipioa urratu izanari buruzko irizpen arrazoitu bat, irizpen horri atxikiko dizkio autonomia erkidegoetako parlamentuek helarazitako irizpenen zerrenda eta horiek kontsultatzeko beharrezko erreferentziak.

Estatu bakoitzeko parlamentuak bi boto izango ditu, bat gangera bakoitzeko, ganbera biko parlamentuen kasuan. 2. protokoloaren 7. artikuluak hainbat atalase ezartzen ditu zortzi asteko epean zehar estatuetako parlamentuek helaraz ditzaketen irizpen arrazoituen kopuruaren inguruan. Atalase horiek ondorio formalak dituzten legegintzako prozeduran (‘txartel horiko’ eta ‘txartel laranjako’ prozedurak).

Behin legegintzako egintza onartuta eta Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, estatuetako parlamentuek uste badute subsidiariotasun printzipioa errespetatu ez dela, euren gobernuen bitartez aurkara dezakete egintza Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean. Eskualdeetako Lantaldeak ere Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean aurkeztu ahalko ditu Europar Batasuneko Funtzionamendu Tratatuaren arabera onarpenerako kontsulta behar duten legegintzako egintzen aurkako errekurtsoak (2. prtokoloaren 8. artikulua).