Ogi-apurra

saludo

Presidentearen agurra

Ongi etorri Diputatuen Kongresura, Espainiako herritar guztien ordezkaria den eta, ondorioz, guztiona den erakunde honetara.

Kongresua gure gizarteko pluralismo politikoaren adierazpena da: hemendik, Ganberako kideek ahotsa ematen diegu dauden jarrera politiko anitzei. Jarrera hauen arteko deliberazioa eta eztabaida eta horien emaitza, gehiengo bidez hartutako akordio eta erabakietan islatzen dena, ezinbesteko tresnak dira Konstituzioak Parlamentuari esleitutako legegintza produkzioaren eta Gobernuaren ekintza sustatu eta kontrolatzearen eginkizunak bete ahal izateko.

Hitza da gure erreminta nagusia. Eta Kongresuan esaten diren hitzek, euren osotasunean eta aniztasunean, herritar guztiak ordezkatzen dituzte. Hitzaren bitartez adierazten dira politikak eta aukerak, eta hitzarekin gauzatzen dira akordio handi edo txikiagoetara eramaten gaituzten eztabaidak. Bestalde, akordio horiek dira Espainiako herritarren borondate demokratikoaren isla. Ondorioz, hitzek azaltzeko, eztabaidatzeko eta adosteko balio dute.

Hitza errespetatzea ezinbesteko baldintza da, beraz, gure jardunean. Gurea ez den hitzak, gainerakoen hitzak, beti merezi du arreta eta ardura. Eta baita hitzari berari zor zaion errespetua ere, diputatu bakoitzak duen ordezkaritzak eta mandatu horren garrantzia ezagutzeak eskatzen duen moduan.

Webgune honi esker, Kongresuaren ordezkaritza legegintzaldi bakoitzean diputatuen hautaketa demokratiko soila baino gehiago da. Gure eginkizunen jarduketan herritarrengana iristeko funtsezko komunikazio kanala da eta bertan ageri dira diputatu bakoitzaren jarduera eta erakundearena berarena, herritarrek aztertu eta balioetsi ditzaten.

Parlamentuko informaziorako sarbidea eskaintzearekin batera, webgune honek, geroz eta gehiago, gardentasunaren eta partaidetzaren kultura sustatzeko balio dezan nahi dugu. Horregatik, interesa duten pertsona guztiek ekarpenak egin ditzakete kanal honen bidez, diputatu bakoitzarekin edo erakunde osoarekin harremana ezarrita, eta horretarako baldintza bakarrak dira guztiok elkarri zor dizkiogun errespetua eta tolerantzia.

Horrez gain, Kongresuko webguneak gure parlamentuko hizlaritzaren ondare historikoa eta Espainiaren historian erabakigarriak izan diren hainbat momenturen zuzeneko testigantza berreskuratzearen gozamena eskaintzen dio irakurle jakingurari. Hala ere, ohartarazi behar dugu ordu luzeak oharkabean igaro daitezkeela Ganberako zerbitzuek arreta handiz editatu duten Historiarako Paperak atalean murgilduta edo 1977. urteaz geroztiko parlamentuko parte hartzeen audio fitxategi eskuragarriak entzunda.

Laburbilduz, Kongresuan gertatutakoa ezagutzeko edo gertatuko denari bultzada eta ekarpena emateko helburuarekin webgune honetara sartzen zareten guztioi, ongi etorri eta eskerrik asko zuen bisitarengatik.

Meritxell Batet
Diputatuen Kongresuko presidentea