func

Eginkizunak

Zer da Diputatuen Kongresua?

Diputatuen Kongresua: izaera eta eginkizun konstituzionalak

I. ALDERDI OROKORRAK

“Constituciones Españolas. 1812-1978” liburuaren azala, Diputatuen Kongresuak 1998. urtean argitaratua. Azaleko ilustrazioa: “A la catedral” atzeko azal apaindua, Espainiako Monarkiaren Konstituzioarena, 1837. urtea.“Constituciones Españolas.
1812-1978” liburuaren azala, Diputatuen Kongresuak
1998. urtean argitaratua. Azaleko ilustrazioa:
“A la catedral” atzeko azal apaindua,
Espainiako Monarkiaren Konstituzioarena,
1837. urtea.

1812. urteko Cadizko Konstituzioa da Erregimen Berriaren eta Parlamentu Modernoaren lehen aurrekaria. 1834ko Errege Estatutuarekin hasiera eman zitzaion ganbera biko sistemari, XIX. mende osoan zehar eta XX. mendeko lehen herenean zehar mantendu zena. Honela, 1837. urteko Konstituzioarekin, bi ganberek gaur egun dituzten izenak jaso zituzten: Senatua eta Diputatuen Kongresua. Izen hauek berreskuratu egin ziren 1977ko sistema demokratikoaren berrezarpenean eta 1978ko Konstituzioan islatu ziren.

Ganbera bikoitzeko sistema honen salbuespena Cadizko Konstituzioa eta 1931. urteko Konstituzioa (II. Errepublikarena) izan ziren, horietan Diputatuen Kongresua ezarri baitzen ganbera bakar gisa. Ondoren, frankismoan zehar, ganbera bakarreko gorte organiko batzuk ezarri ziren ere (1942-1977), baina benetako parlamentu baten ezaugarririk gabe.

Kongresuaren Jauregiaren aurrealdeko portikoa. Iturria: Diputatuen Kongresua Kongresuaren Jauregiaren aurrealdeko portikoa.
Iturria: Diputatuen Kongresua

 

 

 

 

1978ko Konstituzioaren arabera, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak osatzen dituzten Gorte Nagusiak Espainiako herritarren ordezkariak dira. Halaber, diputatuek ere gauzatu behar dute ordezkaritza hori, diputatu guztiak baitira Nazioaren ordezkariak eta horregatik daude aginduzko mandatu bidez lotuta. Gorte Nagusien eginkizunak dira legeak eta estatuko aurrekontu orokorrak onartzea, alde batetik, eta Gobernuaren jarduketa kontrolatzea, bestetik. Hala ere, ganbera biko sistema honetan, Kongresua eta Senatua ez dira erabat baliokideak. Diputatuen Kongresuak dituen eginkizun eta ahalmenak direla eta, ganbera hori nagusi da kontrol politikoaren alorrean. Eginkizun eta ahalmen horien artean daude, besteak beste: Gobernuko presidentearen inbestidura, haren kargugabetzea eragiteko ahalmena eta legegintzako ekimenak eta aurrekontuak abiaraztea. Senatua, aldiz, lurraldeko ordezkaritzarako ganbera da.

Indarrean dagoen araudiaren arabera (Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa, 1985eko ekainaren 19koa), Ganberak 350 kide ditu. Kide guztiak barruti probintzialetan hautatzen dira sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzeneko eta sekretuaren bidez, sistema proportzional baten arabera: alderdi bakoitzaren zerrendak jasotako botoekiko proportzionala den jarleku kopurua jasotzen du.

Legegintzaldia da Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren izendapenaren epea. Lau urteko iraupena du, baina lehenago amaitu daiteke Gobernuko presidenteak desegitea erabakitzen badu.

Bilkura aretoaren itxura XIV. legegintzaldiko Osoko Bilkura egun batean.
Iturria: Diputatuen Kongresua

 

II. FUNTZIONAMENDUA ETA ANTOLAMENDUA

Diputatuen Kongresua Konstituzioan eta Erregelamenduan xedatutakoaren arabera arautzen da, Ganbera bera izanda Erregelamendua onartzeko autonomia osoa duena. Konstituzioan ezarritako bilkura aldietan zehar biltzen da: bi bilkura aldi urte natural bakoitzean. Lehenengoa, otsailetik ekainera, eta bigarrena, irailetik abendura. Aldi horietatik kanpo Diputazio Iraunkorrak funtzionatzen du, Ganberaren botereak babesten dituena. Hala ere, normalean, Osoko Bilkuraren, batzordeen eta Ganberako gainerako organoen ezohiko bilerak antolatu ohi dira ohiko bilkura aldi horietatik kanpo.

Kongresuko kide guztiek osatzen duten Osoko Bilkuraz gain, Ganberak hainbat organo ditu, bi taldetan sailka daitezkeenak: zuzendaritza edo gobernu organoak, alde batetik, eta lan organoak, bestetik. Lehenengoek Ganberaren bizitza agindu, sustatu eta zuzentzen dute eta hauek dira: Presidentzia, Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea. Lan organoak dira parlamentuko jardueretan zuzenki parte hartzen duten horiek, bai Osoko Bilkuraren deliberazioak eta erabakiak prestatuta, zein euren kabuz erabakiak hartuta: batzordeak, azpibatzordeak, batzorde txostengileak, Diputazio Iraunkorra eta Idazkaritza Nagusia edo parlamentuko administrazioa.

Diputatuen Kongresuko Presidentzia da Diputatuen Kongresuaren ordezkaria. Ganberak berak hautatzen du legegintzaldiaren hasieran.

 

Presidenteak, 1977. urtetik gaur egun arte: Fernando Álvarez de Miranda y Torres jauna; Landelino Lavilla Alsina jauna; Gregorio Peces-Barba Martínez jauna; Félix Pons Irazazábal jauna; Federico Trillo-Figueroa Martínez-Conde jauna; Luisa Fernanda Rudi Úbeda andrea; Manuel Marín González jauna; José Bono Martínez jauna; Jesús Posada Moreno jauna; Patxi López jauna; Ana Pastor Julián andrea eta Meritxell Batet andrea. Diputatuen Kongresuko webgunetik ateratako argazkiak.

 

 

Mahaia Ganberaren kide anitzeko organo errektorea da. Kongresuko presidenteak, lau presidenteordek eta lau idazkarik osatzen dute eta legelari nagusiaren edo idazkari nagusiaren laguntza eta aholkularitza jasotzen ditu.

 

​​​​​​​
Ganberako Mahaiaren saio baten bilera XIV. legegintzaldian zehar. Iturria: Diputatuen Kongresua

 

Bozeramaileen Batzordea da parlamentuko taldeek Ganberaren lanaren ordenamenduan parte hartzea ahalbidetzen duen organoa. Bere eginkizun nagusia da Osoko Bilkuraren gaien zerrenda onartzea, Presidentziarekin batera.

 

​​​​​​​
 
​​​​​​​
Bozeramaileen Batzordearen saio baten hainba ikuspegi XIV. legegintzaldian zehar. Iturria: Diputatuen Kongresua

 

Batzordeak Osoko Bilkuraren erabakiak prestatzen dituzten edo, kasu jakinetan, Osoko Bilkura ordezkatzen duten lan organoak dira. Bakoitzaren eskumenen arabera Kongresuko Mahaiak esleitzen dizkien proiektuak, proposamenak edo gaiak aztertzen dituzte. Kongresuko Mahaiak, Bozeramaileen Batzordeari entzun ondoren, adierazitako kopurua errespetatuta parlamentuko taldeek izendatutako kideek osatzen dituzte, parlamentuko talde bakoitzak Ganberan kide kopuruarekiko modu proportzionalean. Batzordeak legegintzako iraunkorrak, ez legegintzako iraunkorrak (erregelamendua, diputatuen estatutua, eskaerak eta legezko xedapen bidez eratutakoak) eta ez iraunkorrak izan daitezke, azken hauen arten ikerketa batzordeak nabarmentzen direlarik.

Azpibatzordeak eta batzorde txostengileak batzordeen baitako lan espezializaturako organoak dira.

Parlamentuko taldeek berebiziko garrantzia dute Kongresuaren barne funtzionamenduan eta haiek dira funtzionamendu hori zuzentzen duten benetako ardatzak.

III. LEGEGINTZA EGINKIZUNA

Diputatuen Kongresuaren eginkizun nagusia legegintza da, hau da, legeak onartzea.

Konstituzioak legegintzako ekimena esleitzen die Gobernuari, Diputatuen Kongresuari, Senatuari, autonomia erkidegoetako legebiltzarrei eta legegintzako herri ekimenari, gutxienez ere 500.000 herritarren proposamenez eta Lege Organiko batean xedatutakoaren mende.

Ekimena, Gobernuak aurkezten duenean lege proiektu izena hartzen duena eta, gainerako kasuetan, lege proposamen izena hartzen duena, beti planteatzen da Diputatuen Kongresuaren aurrean, Senatuaren proposamenen kasuan izan ezik, horiek Goi Ganberan aztertzen baitira Kongresura jo aurretik. Halaber, ez da Diputatuen Kongresuan abiarazten ere Lurralde arteko Konpentsazio Funtsaren izapidea. Aurkezpenaren ondoren Mahaiaren aldetiko kalifikazioa eta lege proiektuaren edo lege proposamenaren argitaratzea datoz. Ekimena diputatuen, autonomia erkidegoetako legebiltzarren edo herritarren ondoriozkoa denean, lege proposamena kontuan hartzeko izapidea jarraitu behar da: eztabaida eta bozketa Osoko Bilkuran ekimenaren aukeren inguruan. Gobernuaren proiektuek eta Senatuaren aldetik jasotako lege proposamenek ez dute kontuan hartzeko izapidea jarraitu beharrik.

Gobernuak aurkeztutako proiektu bat argitaratzeko momentuan, edo lege proposamenak kontuan hartu ondoren, osoko zuzenketak edo artikulu jakinen zuzenketak aurkezteko epea irekitzen da. Osoko zuzenketak parlamentuko taldeek aurkez ditzakete bakarrik.

Lege proiektuaren edo proposamenaren osoko zuzenketak aurkeztu badira, lehen osoko eztabaida bat egingo da osoko bilkuran. Eztabaida horretan itzultzeko osoko zuzenketa bat onartzen bada, ekimena errefusatu egin dela ulertuko da. Ordezko testu baten zuzenketa onartzen bada, zuzenketak aurkezteko epe berri bat irekiko da, baina zuzenketa horiek artikulu jakinenak izan ahalko dira soilik. Zuzenketak onartzen ez badira, lege proiektua edo proposamena batzorde eskudunari helaraziko zaio izapidetzearekin aurrera jarrai dezan.

Batzordeak izendatuko du batzorde txostengilea, parlamentu talde guztietako kideek osatuko dutena. Batzorde txostengilearen osaera numerikoa Mahaiak erabakiko du legegintzaldiaren hasieran. Organo horrek, legelari baten aholkularitzarekin eta ateak itxita, aurkeztutako zuzenketak aztertuko ditu eta batzordean eztabaidatuko den txostena prestatuko du. Batzorde txostengilearen baitako eztabaida amaituta, batzordea publikotasun irizpideei jarraituta biltzen da eta zuzenketak eta testua eztabaidatzen eta bozkatzen ditu, ondoren irizpena emanda.

Batzordearen esku hartzea amaituta eta Osoko Bilkuraren gaien zerrendan sartu ondoren, eztabaida bat irekitzen da lege proiektu edo proposamenaren eta mantendu diren zuzenketen inguruan. Hortik ateratzen den testua Senatuari helarazten zaio.

Senatuak, Kongresuaren eskutik jasotako legegintzako testuei dagokienez, artikulu jakinen betoak edo zuzenketak onartzeko gaitasuna du. Horrelakorik onartzekotan, betoa edo zuzenketa jaso duen testua Kongresura itzultzen da. Bertan, gehiengo osoz edo soilez, bi hilabeteren buruan, betoa altxatu daiteke eta, gehiengo soilez, Senatuaren zuzenketak onartu edo errefusatu daitezke. Legeak behin betiko onarpena jasotzen duenean, Erregearen aldetiko berrespen eta aldarrikapen izapideak jarraitu behar ditu eta, ondoren, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Aurreko prozedurarekin batera, Kongresuaren Erregelamenduan badira ere beste legegintzako prozedura berezi batzuk, hala nola lege organikoen proiektuen izapidetzea, estatuko aurrekontu orokorren izapidetzea, autonomia estatutuen izapidetzea, Konstituzioaren erreformak, batzordeen erabateko legegintzako eskumena eta irakurketa bakarra. Legeak onartzeaz gain, Kongresuak lege dekretuak baliozkotu edo indargabetzen ditu, nazioarteko tratatu eta hitzarmenak baimentzen ditu eta legegintzarako eskuordetzak kontrolatzen ditu.

IV. KONTROL ETA SUSTAPEN EGINKIZUNA

Hauteskunde orokorrak egin ondoren, eta gainerako Gobernuaren kargugabetze kasuetan (parlamentuaren konfiantzaren galera, presidentearen kargua uztea edo heriotza), Gobernuko presidente berri bat izendatzeko prozedura abian jartzen da. Erregeak, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoei kontsulta egin ondoren, hautagai bat proposatzen dio Kongresuari Gobernuko presidente izateko. Hautagai horrek, bere programa Ganberako Osoko Bilkuraren aurrean azaldu ondoren, Diputatuen Kongresuko gehiengo osoaren baiezko botoa jaso behar du. Gehiengo hori lortuko ez balu, gehiengo soilarekin hautatu dezakete lehenengo bozketa egin eta berrogeita zortzi orduren buruan egiten den bigarren bozketan.

Ministroen izendapena ez dagokio Ganberari baizik eta erregeari, Gobernuko presidentearen proposamenari jarraituta.

​​​​​​​

Gobernuak kargua uzten du Diputatuen Kongresuarekiko duen konfiantza harremana hausten denean, zentsura mozio baten onarpenaren bitartez edo konfiantza galdekizun baten ukapenaren bitartez. Zentsura mozioak hautagai alternatibo bat proposatu behar du halabeharrez, beraz, zentsura mozioa onartzen bada, Gobernuko presidente bat kargugabetuko da eta, egintza berean, presidente berri bat hautatuko da. Konfiantza galdekizuna Gobernuko presidenteak plantea dezake bakarrik, Ministroen Kontseiluarekin aldez aurretik eztabaidatu ondoren, eta bere programa politikoaren edo adierazpen politiko orokor baten inguruan planteatu behar da. Gehiengo soila lortzen ez bada, Gobernuak dimisioa aurkeztu beharko dio erregeari eta Gobernuko presidente baten inbestidurarako prozedura jarriko da abian.

Kongresuak kontrolatu eta ikuskatzen du Gobernuaren eta administrazio publikoaren jarduketa, batik bat galdera eta interpelazioen bitartez. Galderak ahozkoak edo idatzizkoak izan daitezke eta Gobernuaren eskumenekoa den edozein gairen ingurukoak izan daitezke. Interpelazioak, aldiz, politika orokorreko gaietan Gobernuak edo ministerioren bateko sail batek izandako jokabidearen ingurukoak izaten dira.

Legez besteko proposamenak, mozioak eta ebazpen proposamenak antzeko izaera duten egintzak dira, Kongresuak legegintzaz besteko erabaki bat hartzea helburu dutenak. Erabaki horren bitartez Kongresuak bere jarrera agertzen du gai edo arlo jakin baten inguruan, edo Gobernuarengana jotzen du zentzu jakin batean jardun dezan eskatuta.

Diputatuen Kongresuak eta Senatuak hautatzen dituzte arartekoa eta Konstituzio Auzitegiko zortzi kideak, bai eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak, Kontuen Auzitegiko kideak eta beste erakunde batzuetako kideak ere.