Navigation Menu

funcdip

Diputatuen eginkizunak

Diputatuen Kongresuko kideak barruti probintzialetan hautatzen dira, alderi politikoek, koalizioek eta hautesle elkarteek aurkeztutako zerrenden bitartez, sistema proportzional bati jarraituta.

Behin hautatuta, Espainiako herriaren ordezkari bihurtzen dira eta, ondorioz, aginduzko mandatu bidez lotuta daude. Hala eta guztiz ere, boluntarioki erabaki dezakete parlamentuko talde baten kide izatea eta haren barne diziplinaren mende egotea. Horrez gain, Diputatuek, kargua hartzean, Konstituzioa beteko dutela zin edo promes egin behar dute parte hartzen duten Osoko Bilkuraren lehenengo saioan, eta euren jardueren deklarazioa bete behar dute.

Osoko Bilkuraren saioetan eta kide diren batzorde eta bestelako organoetan ahots eta botoarekin parte hartzeko eskubidea dute. Diputatuen botoa pertsonala eta delegaezina da eta Presidentziaren proposamenarekiko baiezko bidez, prozedura elektroniko bidez, deialdi bidez edo bozketa sekretu bidez (elektronikoa edo txartel bidezkoa) egin daiteke.

Bilkura aretoaren itxura XIV. legegintzaldiko Osoko Bilkura egun batean. Iturria: Diputatuen Kongresua
Bilkura aretoaren itxura XIV. legegintzaldiko Osoko Bilkura egun batean. Iturria: Diputatuen Kongresua

Kontrol eginkizunari dagokionez, Gobernuari galderak egiteko ahalmena dute, erantzuna idatziz zein ahoz jasotzeko, batzorde batean edo Osoko Bilkuran. Euren parlamentuko eginkizunak ahalik eta hoberen betetze aldera, aldez aurretik dagokien parlamentuko taldeari jakinarazita, ahalmena dute administrazio publikoengandik eskuratzeko administrazio horien eskuetan dauden datuak, txostenak edo dokumentuak.

Halaber, legegintzako prozeduran, gutxienez ere hamabost kideko taldea osatuta, lege proposamenak izenpetzeko gaitasuna dute. Artikuluei egindako zuzenketak aurkeztu ditzakete ere.

Parlamentu demokratikoetako kideen artean ohikoak diren eta Ganberaren independentzia babesteko helburua duten instituzioen titularrak dira. Lehenik, bortxaezintasunaren instituzioa (Konstituzioaren 71.1 artikulua eta Kongresuaren Erregelamenduaren 10. artikulua): honen arabera, diputatuak ez dira euren parlamentuko eginkizunak bete bitartean adierazitako iritzien eta emandako botoen erantzule. Hori guztia kontuan hartuta Parlamentuak bere eginkizunak bete ahal izateko adierazpen askatasun handiena behar dela, bereziki adierazpen kritikoa eta kontrolekoa. Hala ere, bortxaezintasunak ez du galarazten Kongresuko Presidentziak bere diziplina ahalmenak baliatzea diputatuek adierazitako iritzien inguruan. Honela, iraingarriak diren hitzak edo kontzeptuak adierazten dituztenei ohartarazpena egin diezaieke.

Bigarrenik, immunitatearen instituzioaren titularrak dira (Konstituzioaren 71.2. artikulua eta Kongresuaren Erregelamenduaren 11-14 artikuluak). Haren arabera, ezin da diputatu bat erruztatu edo auzipetu aldez aurretik Ganberaren baimena jaso gabe. Baimen hori lortzeko Auzitegi Gorenak dagokion suplikatorioa aurkeztu beharko du. Helburu horretarako, interesdunaren entzunaldia barne duen prozedura bat baliatzen da, amaierako erabakia bozketa sekretu bidez hartuta. Instituzio honen xedea da herriaren subiranotasunak emandako Ganberaren osaera babestea. Era berean, eta arrazoi berarengatik, diputatuak atxilotu ahalko dira bakarrik ageri-ageriko delituen kasuan.

Diputatuek Konstituzioan eta hauteskundeen legean xedatutako bateraezintasunen inguruko arauak bete behar dituzte. Horretarako, kargua hartzean, euren datuak ageri dituen deklarazio bat egin behar dute eta, ondoren, Diputatuen Estatutuaren Batzordeak deklarazio horien berri ematen du. Bateraezintasunik aurkituko balitz, interesdunak bere jarlekuaren eta bateraezintasuna eragin duen kargu edo lanpostuaren artean aukeratu beharko du. Halaber, legegintzaldian euren egoeran gerta litekeen edozein aldaketa jakinarazteko betebeharra dute. Era berean, euren ondare ondasunen gaineko deklarazio bat egin behar dute. Deklarazio hauek guztiak erregistro publiko batean inskribatzen dira.

Horrez gain, Gorte Nagusietako Jokabide kodea bete behar dute.

Informazio gehiago: - Interesen, jardueren, ondasunen eta errenten erregistroa