Navigation Menu

prte

Diputatuen Kongresuko Presidentzia

Presidentziari dagokio, Kongresuaren Erregelamenduaren 32. artikuluaren arabera Ganberaren ordezkaritza, honako eginkizun hauekin batera: lanen garapen zuzena bermatzea; eztabaidak zuzentzea, eztabaidetako ordena mantentzea eta ordainketak agintzea; Erregelamendua bete eta betearaztea, Erregelamendua interpretatzea zalantza kasuan eta Erregelamendua ordeztea omisio kasuan, baina izaera orokorreko ebazpen bat emateko, Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren oniritzia behar du.

Espainiako parlamentarismoaren arabera, Diputatuen Kongresuko Presidentzia erakunde inpartziala da, alderdien arteko gatazketatik kanpo dagoena.

Presidente karguak legegintzaldiak iraun bitartean irauten du, lehenago iraupen txikiagoa bazuen ere, eta, presidente hautatua izateko, diputatuen gehiengo osoaren aldeko botoa behar da lehenengo bozketan, Erregelamenduaren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta gehiengo soila ondorengo bozketetan. Ondorengo bozketa horiek lehenengo bozketan boto gehien jaso dituzten bi hautagaien artekoak izango dira.

Konstituzioaren 72.3 artikuluaren arabera, Presidentziari dagozkio botere administratibo eta polizia ahalmen guztiak haren egoitzaren barruan. Horrez gain, Ganberako ordena mantentzeaz arduratzen da. Helburu horretarako, Presidentziaren iritzi pertsonalaren esku uzten dira ordena mantentzeko hainbat diziplinazko neurri, hala nola gaiari heltzeko eskakizunak eta ohartarazpenak, hitza kentzea edo iraingarriak diren adierazpenak Bilkura Egunkaritik ateratzea. Halaber, diputatu bati saio batera edo bitara etortzea debekatzeko ahalmena edo diputatua bilkura egiten ari den aretotik berehala ateratzeko agintzeko ahalmena ere badu.

Horrek guztiak Presidentziak Kongresuarekiko dituen eginkizunekin du zerikusia. Bestalde, hainbat eginkizun konstituzional ere baditu, besteak beste: batik bat Koroari eragiten dioten eta Konstituzioaren II. Tituluan (56-65 artikuluak, biak barne) arautzen diren gaien inguruko bi Ganberen baterako saioen presidente gisa jardutea; Gobernuko presidente izateko erregearen hautagai proposamena jasotzea (Konstituzioaren 99.1 artikulua); eta Gobernuko presidentearen proposamen eta izendapenari buruzko Erregearen egintzak berrestea eta 99. artikuluan aurreikusitako desegitea berrestea, inbestidura prozesu batean hautagai batek ere ez badu Kongresuaren konfiantza jasotzen (Konstituzioaren 64. artikulua).

Presidenteordeek presidentea ordezka dezakete eta, horrez gain, presidenteak presidenteordeei eskumen jakinak eskuordetzeko ahalmena du.

XIV. legegintzaldian Diputatuen Kongresuko presidentea Meritxell Batet andrea da.

Diputatuen Kongresuko presidenteen zerrenda.